Kaixo! Ni Agustin naiz, gaur 50 urte beteko ditut. Nire bizitzaren erdia barnetegien “trenean” pasa dut, eta “tren” honek hainbat “geltoki” izanik, bakoitzean estrukturalki tailer ezberdinak izan ditu, lan taldeak ere bai, eta noski lan egiteko erak aldatzen joan dira. Hori bai, trena, geltokiak izan arren, ez da inoiz gelditu. Geltoki bakoitzetik markatu da trenbidea eta abiadura. Gaur egun eskolara itzuli behar izango banu ez nuke jakingo nondik hasi ere eta, seguru asko ere, orain ditudan errekurtsoekin dena hankaz gora jarriko nuke. Ez litzateke lehen aldia izango, je! je!
Oso gaztetatik, 17 urte nituelarik, hasi nintzen udalekuetan (Bernedo, Goiatz...), eta monitore gisa nire lehenengo esaldiak euskaraz osatzen. Soldaduska gogor baten itzuleran eskolan lanean hasi nintzen, eta berehala ohartu nintzen nire izaera ez zela lau pareten arteko diziplina hartan kokatzen. Nolabait, “itota” sentitzen nintzen. Lasarte-Oriako Garaikoetxea ikastetxean A ereduko 180 ikasleren euskarazko irakaslea izanik, irakaskuntzan nire lehen urratsak ematen hasi nintzen. Gogoan ditut hango saiakerak erdal giroko haur haiek euskal mundura zerbait hurbiltzeko (Satorra irratia, Olentzeroren jaialdiak Takolorekin, kanpaldiak...). Hiru urte pasa eta gero, Amezketako matematika arloko irakaslea izan nintzen urte batez. Handik sortu zitzaidan barnetegi bat sortzeko gogoa, umeak eskolako testuingurutik (klaseak, edukiak, notak...) ateratzea zen nire helburua. Proiektu bat osatu nuen Amezketako Bixenteren aterpetxe ospetsuan (planoak, argazkiak, programa...), oraindik etxean daukat gordeta, eta inongo lotsarik gabe Lakuara joan nintzen, Gasteiza. Han elkartu nintzen lehen aldiz, Iñaki Artola eta Joxe Mari Berasategirekin. Orduan, jakinarazi zidaten barnetegi bat sortu nahi zutela. Gehiegi pentsatu gabe, maleta hartuta Eubara joan nintzen (1985. urtea zen).
Euba! Uaaaaa! Juxtu nahi nuena. Gazte-gaztea! Ilusioz beterik! Zer izan zen hura! Luisma, Rosa eta hirurok 12 eguneko egonaldiak antolatzen. Lankideok, zoragarriak! Denok oso aktibo eta gogotsuak! Hasieran ez nuen autorik eta askotan trenez joan behar izaten nuen. Goizeko 6etan pasatzen zen trena Lasarteko geltokitik (etxetik 2 kilometrora zegoen), eta ia 3 orduko bidaia egin ondoren Euban azaltzen nintzen. Batzuetan, etxera itzultzeko, autopistako Durangoko ordaintokian jartzen nintzen, ea norbaitek eramaten ninduen Donostiaraino ertzainak etorri baino lehen, ja! ja! Gehienetan barnetegian bertan lo egiten nuen, kolore askotako sofa ospetsu batean. Gauean zenbat aldiz sartu ote nintzen, gitarra hartuta, umeen geletan, haiek lotarazteko asmoz? Beti ez nuen lortzen, baina zein ederki pasatzen genuen! Gauak zaratatsuak ziren aterpetxean, baina baziren txabola antzeko beste lokal batzuk ere (garai batean emakumeek soldaduska bertan egiten zuten), literak eta guzti. Hantxe egiten nuen lo nik ere. Aterpetxean baziren ahuntzak eta antxumeak (ia 30 inguru), baina poliki-poliki desagertzen joan ziren. Ez dakit zehazki zein zen arrazoia! Behin kristoren elurtea izan genuen eta nik, penaturik, antxume batzuk txabolan sartu nituen. A ze gaua! Goizaldean hura zen kiratsa! Ostia! Baseliza ere bazen, guk dantzaleku eta jolastoki bihurtu genuen. Moketa berde bat erosi nuen ez dakit zer aurrekontutik (Iñaki haserretu ere egin zen) eta a zer mobida! Gero urte askoan erabili izan zen eta ospetsu bihurtu ere bai gure artean, ja! ja!
Gogoan ditut hango “indioen egunak” (lumak, txabolak, aurpegi margotuak...), baita “irrati saioak”, bi orrialdeko eguneroko “aldizkariak”, Bernagoitira joateko aldapa, eta Eubako baserri batean zegoen azeria ere. Hiru urtez izan nintzen han. Bizkaia hobeto ezagutzeko aukera izan nuen (Gernika, Mundaka, Lekeitio...). Batzuetan Zornotzan Xabier Amuriza bertsolariarekin topatzen nintzen eta ilusio handia ematen zidan. Etxeko arduraduna Begoña zen, sukaldariak: Ebarista eta Marilin, eta zaindaria: Zesareo. Bizkaieraz egiten zuten, eta askotan ez nien piperrik ere ulertzen. Nik beti bai! erantzuten nien. Beti ez nuen asmatzen eta batzuetan aurpegi arraroa jartzen zidaten, orduan a, ez! ez! erantzuten nien, ja! Ja! Egonaldiak luzeak eta gogorrak ziren (batez ere irakasle batzuentzat), baina baita hunkigarriak ere, bizipenez beteak. Askotan, taldeak agurtzerakoan malkoak nabarmenak ziren denon begietan. Lortutako harremanak oso estuak eta afektiboak ziren.
Nire bizitzako une alaienak eta gozoenetakoak Euban pasa ditut, baina gogorrenetakoak ere bai. Oraindik askotan gogoratzen naiz: taldean azkenetakoa neska bat zen, bere katiuska urdin alaiekin zihoan, eta Gaztelugatxeko aldapa igotzen lagundu nion eskutik helduta autobuseraino. Bero handia egiten zuen eta kostata iritsi ginen. Ainhoa zuen izena. Aterpetxearen ondoraino heldu zen, baina ez zen inoiz sartu. Auto batek jota utzi gintuen betiko. Geroztik, astero ume talde bat barnetegira heltzerakoan, bat gehiago kontatzen jarraitzen dut. Bejondeiola Getxoko panpinari! Gertakizun latza izan zen. Bete-betean kolpatua sentitu nintzen eta zenbait buruhauste pasa eta gero, barnetegiaren eta umeen mundua utzi baino lehen, sasoi eta dedikazio gehiagorekin aurrera jarraitzea erabaki nuen.
Gauzak horrela, geroxeago laugarren monitorea etorri zen, Beni. Taldekide ona, Luismaren laguna, eta aportazio berriak ekarri zizkiguna. Nik alde egin nuenean Karmele sartu zen, Errioxako oporraldietan askotan ikusten dut eta hizketan egoten gara.
Txandak ongi antolatzeaz aparte, barnetegiak bazituen beste helburu batzuk ere, han sortu zen lehenengo jolas bilduma eta bideoa ere.
Eta aurrera jarraituz, Gipuzkoako Gaztelun beste barnetegi bat ireki zenean herrialdera itzuli nintzen (1988/89 ikasturtean). A ereduko barnetegia zen, erronka berria genuen aurrez aurre, euskaraz egiten ez zekiten haurrekin euskaraz bizitzea nola izango zen posible planteatzen genuen. Han beste lan talde bat ezagutu nuen: Mariaje, Peio, Lourdes, Ane..., beste sukaldari batzuk: Ines, Maite..., etxeko arduradunak: Joxe Ramon...
Hala ere, oso gauza interesgarriak egin genituen eta, nola hala, umeak hunkitzera ere iristen ginen. Zerbait magikoa gertatzen zen, genituen teknika eta baliabideak erabiltzen genituen, gure artean komunikatzeko: mimika, dantzak, jolas didaktiko egokituak... Hala ere, batzuetan, esan nahi nien guztia esateko motz geratzen nintzela pentsaturik pena sentitzen nuen. Batzuek 14 eta 15 urte zituzten eta, gure metodologia beti euskaraz egitean oinarriturik zegoenez, gure arteko harremanak ongi bideratzeko, beste teknika batzuk behar ziren: keinuak, besarkadak, musuak, mugimenduak... Buruhauste dezente izaten genituen, jolas eta metodologia egokiak lantzeko. Nire ustez, arriskua zegoen barnetegia egonaldi akademikoak egiteko toki bihurtzeko, eta bestelako baloreak erabat alboratzeko. Baina, barnetegiak, zerbait magikoa izanik, dena posible bihurtzen du, eta bizipen bereziak eskaintzearekin batera, era ezberdineko balore eta ahalmenak lantzeko aukerak ematen ditu (adiskidetasuna, komunikazioa, desinhibizio pertsonala eta kolektiboa, lagunak bestelako inguru batean ezagutzea...). “Josefina sorgina” hizkuntza erabiltzeko motibagarri gisa lehenengo agerpenak egiten hasi zen.
Beste urte batzuk eginda, Alkizako Barnetegia sortu zen (1991/92) eta, gaztetatik laguna nuen Imanolek eta biok hara joateko plana egin genuen. Han hasi ginen Agurne eta Anerekin ekipo berria osatzen. Oso gogoan dut Andoaingo Idoia ere. Oso ongi moldatu ginen. Urte haietan askotan jotzen nuen gitarra: Makc Mikel, Aran txan txan...
Umeekin lan egitea sinplea bezain konplexua da. Haiengana iristeko giltza afektibitatea da, eta, pazientzia, giltza egokia aurkitzeko behar den denbora. Oso barnetegi familiarra eta herrikoia zen eta da Alkizakoa: etxe osoa guretzat, herri erdi-erdian kokaturik, bizi etxean bertan, jolastu plazan, eta jatorduak herriko tabernan egiten dira. Barnetegi bakoitza estrukturalki eskema jakin batean antolatuta dago, horretan ere badatza barnetegien aberastasuna. Urte haietan, etxea oso txikia geratzen zitzaigunez, hamaika lan egin genituen ganbara hornitzeko: pailazoen furgonetan Zaldibiatik egur handiak Alkizara eraman eta oinez gora igo, neurtu, moztu, iltzatu... Eduki linguistikoa, mezu ekologikoak, metodo ludikoak... zituzten jolas didaktikoak sortzeko garaiak ziren haiek. Igandeetan autobusez irteerak egiten genituen Nafarroa aldera (Oronoz-Mugairera, Lesakara...), azken urteetan mendiz mendi oinez Larrauleraino joan ohi ginen. Behin, umeek iturri batetik ura edan zuten eta gau osoan tripako minez eta botaka aritu ziren. Eta betikoa! Azkenean ez genuen jakin ea ur harengatik izan zen edo beste motibo batengatik. Joxe apaiza zena genuen etxeko arduraduna, eta Eleni, aingeru zaindaria. Azpimarratzekoa da baita ere Otsamendi jatetxean umeek jasotzen zuten giro afektibo eta familiarra. Hizkuntza erabiltzeko motibagarri gisa “hartz zuria” erabiltzen genuen. Motibagarrien inguruan urte batzuk pasatu genituen baliagarrienak baloratzen eta aztertzen. Gero eta landuagoak agertzen hasi ziren barnetegi guztietan, eta hurrengo urteak garrantzi handikoak izan ziren horretan: Kaxinta oiloa, Txaparro birla...
Ordenagailuen garaia ere iritsi zen barnetegira, eta ni oso ezkor azaldu nintzen hasieratik, gero moldatzen joan nintzen eta, tira! Derrigorrez pasatu behar genuen beste fase bat zen, gizarte osoan “modan” zegoen eta!
Giro horren inguruan, bigarren jolas bilduma liburu potolo batean osatu genuen.
Barnetegien trenak beste geltoki bat sortu zuen Seguran (1996/97 ikasturtean), 5.a hain zuzen ere, eta etxetik gertuago nuenez, hortxe geratu naiz azken urteetan. Taldekideak: Josetxo, Txema, Jaione, Amaia, Belen, Arrate... Kriston ekipoa! Hemen ere, aterpetxean moldaketak egin behar zirela eta, Zeraingoan ere izan naiz bi urtez (maitasunez, bi ikasturtetako apeaderoa deituko nukeena). Apeadero hori beste une klabe bat izan zen, gero Segurako geltoki erosoan zenbait aldaketa egiteko funtsezkoa suertatu zitzaigun eta. Zerainera joan baino lehen sortu genituen Txan-Go, Joan Zaku eta Erdu, irakasleek egonaldietan hizkuntzaren erabilpena bultzatzeko nahi zuten motibagarria. Barnetegietatik berriro ere euskal irakaskuntzarako gure ekarpen txikia egin genuen.
Eta, nolabait bukatzeko, zer esan azken hiru urteei buruz? Ba, oraindik gai garela geltokiko tailerrean erreformak egiteko eta agian, pieza zahar batzuk berrerabiliz, makina berriak sortzeko ere (metodologiak, lan teknikak, aktibitate pedagogikoak, talde lanerako errekurtsoak...). Azken batean, euskarazko trenean denok gustura eta eroso joan gaitezen ahalegin profesional bukaezina da barnetegietakoa.
Bejondeigula denoi, eta segi beste 25 urtetan!