25 urte eta gero... http://barnetegiak25urte.nireblog.com Blog honen bidez, Euskal Girotze Barnetegien 25 urteotako historia jaso nahi dugu: barnetegietan izandako bizipenak, sentimenduak, gozamen uneak eta sufrimendu uneak; barnetegietan gertatuak, barnetegiekin partekatuak… Lagunduko al diguzu lan horretan? Wed, 01 Sep 2010 03:24:39 +0100 25 urte eta gero... http://static.nireblog.com/imagenes/logo.png http://barnetegiak25urte.nireblog.com http://nireblog.com Euskal girotze barnetegiak, bidai ederra, benetan! http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/04/28/euskal-girotze-barnetegiak-bidai-ederra-benetan http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/04/28/euskal-girotze-barnetegiak-bidai-ederra-benetan

Hitz gutxitan...

Beti sentitu naiz ondo barnetegietara hurbildu naizen guztietan, hainbeste maite dut bertan egiten den lana, dastatzen ausartu nintzen eta pasa den ikasturtean Plentziako barnetegian izan nintzen lanean. Aukera paregabea eduki nuen metodologia sakontzeko zein teoria praktikarekin uztartzeko. Esperientzia sakona eta zoragarria izan zen, pertsona eta profesional bezala, eta gauza asko ikasi nuen: ikasleekin egoteko bide berriak, begi polit horien atzean zeuden pertsonak deskubritzen, irakasleengana beste era batera heltzen, lankideekin proiektu berritzailea sortzen eta konpartitzen...

Orain, barnetegiek 25 urte betetzen duten honetan, protagonismo osoa barnetegietatik pasa diren ikasle eta irakasleei eman nahi diet, haiek egonaldiaren amaieran esan zizkiguten mezu batzuk plazaratuz. Atsegina izan da dokumentu idatzietatik mezu horiek berreskuratzea, barnetegietako beste monitoreen laguntzaz, guztion proiektua da barnetegiena eta guztion lankidetzarekin egin da ondoren ikusiko duzuen muntaketa.

Eskerrik asko guztioi, ikasle, irakasle eta monitoreoi! Nik ere, ikasle batzuek bezala, ez dut inoiz ahaztuko zuen ondoan izan dudan eta izaten ari naizen bizipena eta esperientzia.

Montse

25 arrazoi barnetegian gozatzeko on PhotoPeach


Comments

]]>
Wed, 28 Apr 2010 12:39:49 +0100
Barnetegien 25. urteurrena ospatzeko festa http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/04/28/barnetegien-25-urteurrena-ospatzeko-festa http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/04/28/barnetegien-25-urteurrena-ospatzeko-festa Irailean beteko dira 25 urte lehenengo barnetegia zabaldu zenetik Bizkaiko Euban. Geroztikako hogeita bost urteotako historian bizi izandakoa oroitzeko, sentitzeko eta ospatzeko, elkartzea erabaki dugu. Eta, horretarako, gune eta une jakin bat adostu dugu: ekainaren 12an Alkizan. Egun horretan egingo dugun festara barnetegietako gaurko eta noiznahiko monitore guztiak daude gonbidatuta.Elkar ikusi, elkarrekin ospatu eta ondo pasatuko dugu eguna. Bazkari ederra prestatuko digute Alkizako ostatuan, eta moduz gainera (24€).Hortaz, etorri, lasai. Baiezkotan direnek baieztatu dezatela beren asmoa barnetegira deituz edo barnetegien koordinatzaileari horren berri emanez (943 022943 edo 688670529). Hauxe da ekainaren 12rako atondu dugun festa-programa:

11:00etan: ongi etorria Alkizako plazan

11:15ean: mendi irteera Mandiola aldera (aukeran)

11:30ean: pala txapelketa frontoian (aukeran)

13:00etan: bisita gidatua Alkizako Barnetegian

13:15ean: kalejira trikitilariekin

14:30ean: bazkaria herriko ostatuan (80 bat lagunentzat)

16:30ean: argazki emanaldia, hitzak, bertsoak eta abestiak

17:30ean: trikitilariak eta dantza

18:30ean: agurra

Comments

]]>
Wed, 28 Apr 2010 12:35:43 +0100
Astebete Alkizan http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/04/26/astebete-alkizan http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/04/26/astebete-alkizan Kaixo! Ibai da nire izena eta zirkulu baten istorioa kontatuko dizuet.
Ezagutzen al duzue borobila forma geometriko perfektua dela dioen teoria? Bizitza ere bizipenek osatutako forma geometriko desberdinez antola daiteke, eta denboran zehar igarotako etapek tamaina desberdineko zirkuluak osatuko lituzkete, bizitzak berak formatutako biribil handiaren azaleran zehar sakabanatuko liratekeenak: batzuk handi, besteak txiki, batzuk beharbada itxi ezingo direnak, beste batzuk etenkako lerroz adierazitakoak...
Nire bizi esperientzian badago, adi behatuz gero, desberdina, berezia ematen duen borobiltxoa. Izan ere, bere perimetroaren erdia desgastaturik agertzen da, denborak ahulduta, eta beste erdia marraztu berri dagoen lerroaz dago osatua, fresko.
1994. urtean, 12 urte nituela, Aubixako barnetegira joan nintzen, Basauriko Arizko ikastolako ikasle nintzela, aste pasa. Nahiko ume satelitea nintzen eta ez dut uste jakingo nuenik zertara nindoan ere, baina esperientzia haren inguruko sentsazio on eta gozoak gordetzen ditut nire baitan. Pozik egon nintzen, gustura.
Urteak aurrera egin ahala, nire barne delineatzaileak esperientzia hura itxitzat eman eta borobil txiki eta urruna marraztu zuen, denborak ia lausotutakoa.
Eskerrak arkatzaz egin zuela eta erdia borratu ahal izan dugula. Edo, beharbada, borobil berriaren erdia zaharraren erdiaren gainean ageri da. Ez dakit. Ez du garrantzi handirik ere.
16 urte geroago, irakasle-nomada naizela (karrera bukatutakoan, GPS-a eta iparorratza oparitu beharko lizkigukete), Alkizako barnetegira bidali naute lanera. "Ke ostias barnetegi! Zertan? Han lotan?"- izan zen burutik pasatu zitzaidan lehenengo pentsamendua, nagiaren mehatxu eta irainen artean. “Hostia, nagi puta hori, joan zaitez berriro lotara, utzidazu aurrera joaten!"
Esan eta egin. Hurrengo egunean autoa hartu, Willie Fog-i aholkua eta bedeinkapenak eskatu eta ordu eta erdi geroago Casadiosen (barkatu, Alkizan) nintzen, herri txiki-txiki batean, barnetegia topatu ezinik, flipatuta. “Joe, herria hemen hasi eta hemen bertan bukatzen baldin bada, non da barnetegia? Flotantea ote da? “Ba ez, ez da flotantea, eta nik zinemara joateari utzi beharko nioke. Herriko eraikinik handiena da. Torpe, co...!!!!”.
Astebete inguru eman dut han beharrean eta, egia esan, hezkuntzari buruz daukadan ikuspuntua aberasteko balio izan dit, hezkuntzarekin lotutako beste arlo batekin kontaktuan jartzeko, nire baitan ahal den heinean biak nolabait uztartzeko. Metodologia berri baten ikasketan murgilduta dabiltza buru-belarri, eta oso prozesu interesgarria iruditu zait.
Dena dela, gehien irakatsi didana ez da izan metodologia edo hezkuntza ikuspuntua eta, beraz, ez naiz horretan luzatuko, horri buruzko informazioa nahi izanez gero eurekin hitz egin.
Bada hezkuntzari buruzko haurnasketa/dialektika/praktika/pragmatismo interesgarri hori guztia baino are garrantzitsu eta aberasgarriagoa izan zaidan zerbait: giza balioa.
Miresgarri eta eredugarri izan zait 25 urtez lan berean diharduten pertsonek ze nolako grina eta interesa daukaten euren beharra hobetu guran: betiere umeei transmititu nahi dizkieten baloreak nola hobeto helarazi, nola harremanak hobetu, nola egin, nola eragin, nola...
Bejondeizuela zuen lanagatik, bejondeizuela zuen garragatik, eta bejondeizuela batez ere hasi berriak garen irakasle-monitoreoi zuen eredu eta umiltasunaz transmititzen dizkiguzuen gogo eta baloreengatik.
Eskerrik asko Imanol, Agurne eta Juan Luis!
Goraintziak zuoi, Segurakoei eta bileran egon zinetenei.
Ondo segi

Ibai Berrade Sainz

Comments

]]>
Mon, 26 Apr 2010 07:41:26 +0100
Bi bertso: 25 urte. Doinua: Habanera http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/03/08/bi-bertso-25-urte-doinua-habanera http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/03/08/bi-bertso-25-urte-doinua-habanera


Mende laurdena heldu da,

gure artean dago, hara!

baina urtez haratago

zerbait gehiago ere bada.

Zenbat “kaixo”, zenbat “aio”

zenbat musu ta zirrara

ehun mila irribarre,

ehun mila begirada.

Malko batzuk joan dira

bihotzak zenbat ziztada,

une tristeak tarteka,

baina nagusi algara.

Mutilak gizondu dira,

neskak andre egin jada,

denak zaharrago gara,

baina denak ume gara.

 

Aubixa, Barria, Alkiza,

Urduña eta Segura,

Gaztelu ta Euba dira

lehen izan ginen hura.

Zenbat oroitzapen dator

kolpe batean burura,

eta zenbat sentimendu

denon bihotzen barrura.

Tope, Alejo, Kaxinta

Txaparrotikan Erdura,

Josefina ta Kaioa

Txan-Gotik Joan Zakura.

Garenok, izan ginenok,

geroa ere eskura,

harreman kolpeka hemen

sendi handi bat sortu da

Comments

]]>
Mon, 08 Mar 2010 13:55:35 +0100
Eubako hasiera hura http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/03/08/eubako-hasiera-hura http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/03/08/eubako-hasiera-hura

Kaixo, Rosa Mari naiz eta 25 urte daramatzat barnetegietan monitore. Oraingo honetan gure hasierak nola ikusten ditudan kontatu nahi dizuet. 1985eko irailean hasi ginen Euban, hobeto esanda Bizkaiko Foru Aldundiak Amorebieta-Etxanon duen egoitzan. Guk beti Euba esan badiogu ere, bertakoek San Antonio dela diote.
Han elkartu ginen Agustin, Luisma eta hirurok proiektu berri bati heltzeko gogoz. Iñaki eta Jose Mari genituen behar genuen guztian laguntzeko prest.
Ilusio handiz ekin genion lanari. Luismak udalekuetan eskarmentu handia zuen eta horrek asko lagundu zigun. Gogoan ditut orduko olinpiadak, indioen eguna eta egiten genituen etxolak, piraten egunak, txotxongiloak, eta baita, lehenengo txandan Eibarko Mogel ikastolakoek egin zuten “Loiolan jai jai” abestiaren bideoklipa ere. Orduan oso modan zegoen Egan taldea eta guk ere asko erabiltzen genituen haien abestiak. Baita ETBren hasierako marrazki bizidunen “Arturo Erregea” eta “Dotakonen” abestiak ere.
Etxean Begoña zegoen zuzendari; Evarista, sukaldari; Marilin eta Kontxi, garbiketak egiten, eta Cesareo, mantenuaren arduradun.
Eraikuntza txalet polita da, inguruan etxola batzuk dituena. Sarreran, orduan, monolitoa zegoen, aurreko garaiak gogoratuz. “Sección femenina”ko etxea izan zen aurretik, eta oraindik han ziren uztarria eta geziak, harrian zizelkatuta. Etxearen inguruan hortentsiak zeuden, oso ederrak egiten ziren. Nahiz eta baloikada ederrak jaso eta Cesareok udazkenero erabat moztu, udaberrian berriz indartsu eta dotore agertzen ziren.
Susto batzuk hartu genituen: Gorlizeko Ibon autoak jo zuenean, edo Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako mutiko bat neguan piszina ertzera barraskilo hartzera joan eta erori ondoren dena bustita agertu zitzaigunean. Baina unerik latzena proiektu berrian lanean hasi eta hiru hilabetera etorri zen. Istripu batek Ainhoa eraman zuen. Ainhoa, zu ere gure 25 urte hauetako historiaren parte zara, zure ile hori luzea eta zure irribarrea ez ditugu inoiz ahaztuko.
Baina une eder asko pasa izan ditugu. San Joan sua egin eta inguruan dantzan eta saltoka esate baterako, edo Olentzerori lana errazteko asmoz etxe aurreko zuhaitzean opariak eskegitzen aritzen ginenean.
Euskara bultzatzea zen gure helburu nagusia, eta horretan ere gertatzen zitzaizkigun xelebrekeria batzuk. Behin 8 bat urteko mutikoa beste bat erdaraz ari zela esaten etorri zitzaigun, eta guk:
-Zer esan du ba?
-Ay!
-Baina, ai euskaraz ere esaten da.
-Bai, baina “i griegarekin” esan du.
Beste behin Laudioko Aretako taldea izan genuen, pentsa zein motibatuta zeuden ikasle haiek, etxera bueltan gurasoak zain zeuzkaten, antolatutako txaranga batekin. Nik orduan “ya está” esateko ohitura nuen eta “kitto” esanez zuzentzen zidaten.
Gogoan ditut Santimamiñera eta Butroira egindako igandeetako irteerak ere. Orduko egonaldiak 12 egunekoak baitziren. Baita Dudagoiti auzora joaten ginenean hango baserri batean zuten Txurtxil izeneko azeria ere.
Etxe nagusiaren inguruan ziren etxolak ere erabiltzen genituen: bat jangela zen, beste bat eskulanetarako erabiltzen genuen eta Lantxeta deitzen genion, eta beste bat, lehenago kapila izandakoa, psikomotrizitate gela moduan erabiltzen genuen, eta Ziripot zuen izena.

Comments

]]>
Mon, 08 Mar 2010 13:53:31 +0100
Nire oroitzapenak http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/03/08/nire-oroitzapenak http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/03/08/nire-oroitzapenak Kaixo! Ni Agustin naiz, gaur 50 urte beteko ditut. Nire bizitzaren erdia barnetegien “trenean” pasa dut, eta “tren” honek hainbat “geltoki” izanik, bakoitzean estrukturalki tailer ezberdinak izan ditu, lan taldeak ere bai, eta noski lan egiteko erak aldatzen joan dira. Hori bai, trena, geltokiak izan arren, ez da inoiz gelditu. Geltoki bakoitzetik markatu da trenbidea eta abiadura. Gaur egun eskolara itzuli behar izango banu ez nuke jakingo nondik hasi ere eta, seguru asko ere, orain ditudan errekurtsoekin dena hankaz gora jarriko nuke. Ez litzateke lehen aldia izango, je! je!

Oso gaztetatik, 17 urte nituelarik, hasi nintzen udalekuetan (Bernedo, Goiatz...), eta monitore gisa nire lehenengo esaldiak euskaraz osatzen. Soldaduska gogor baten itzuleran eskolan lanean hasi nintzen, eta berehala ohartu nintzen nire izaera ez zela lau pareten arteko diziplina hartan kokatzen. Nolabait, “itota” sentitzen nintzen. Lasarte-Oriako Garaikoetxea ikastetxean A ereduko 180 ikasleren euskarazko irakaslea izanik, irakaskuntzan nire lehen urratsak ematen hasi nintzen. Gogoan ditut hango saiakerak erdal giroko haur haiek euskal mundura zerbait hurbiltzeko (Satorra irratia, Olentzeroren jaialdiak Takolorekin, kanpaldiak...). Hiru urte pasa eta gero, Amezketako matematika arloko irakaslea izan nintzen urte batez. Handik sortu zitzaidan barnetegi bat sortzeko gogoa, umeak eskolako testuingurutik (klaseak, edukiak, notak...) ateratzea zen nire helburua. Proiektu bat osatu nuen Amezketako Bixenteren aterpetxe ospetsuan (planoak, argazkiak, programa...), oraindik etxean daukat gordeta, eta inongo lotsarik gabe Lakuara joan nintzen, Gasteiza. Han elkartu nintzen lehen aldiz, Iñaki Artola eta Joxe Mari Berasategirekin. Orduan, jakinarazi zidaten barnetegi bat sortu nahi zutela. Gehiegi pentsatu gabe, maleta hartuta Eubara joan nintzen (1985. urtea zen).
Euba! Uaaaaa! Juxtu nahi nuena. Gazte-gaztea! Ilusioz beterik! Zer izan zen hura! Luisma, Rosa eta hirurok 12 eguneko egonaldiak antolatzen. Lankideok, zoragarriak! Denok oso aktibo eta gogotsuak! Hasieran ez nuen autorik eta askotan trenez joan behar izaten nuen. Goizeko 6etan pasatzen zen trena Lasarteko geltokitik (etxetik 2 kilometrora zegoen), eta ia 3 orduko bidaia egin ondoren Euban azaltzen nintzen. Batzuetan, etxera itzultzeko, autopistako Durangoko ordaintokian jartzen nintzen, ea norbaitek eramaten ninduen Donostiaraino ertzainak etorri baino lehen, ja! ja! Gehienetan barnetegian bertan lo egiten nuen, kolore askotako sofa ospetsu batean. Gauean zenbat aldiz sartu ote nintzen, gitarra hartuta, umeen geletan, haiek lotarazteko asmoz? Beti ez nuen lortzen, baina zein ederki pasatzen genuen! Gauak zaratatsuak ziren aterpetxean, baina baziren txabola antzeko beste lokal batzuk ere (garai batean emakumeek soldaduska bertan egiten zuten), literak eta guzti. Hantxe egiten nuen lo nik ere. Aterpetxean baziren ahuntzak eta antxumeak (ia 30 inguru), baina poliki-poliki desagertzen joan ziren. Ez dakit zehazki zein zen arrazoia! Behin kristoren elurtea izan genuen eta nik, penaturik, antxume batzuk txabolan sartu nituen. A ze gaua! Goizaldean hura zen kiratsa! Ostia! Baseliza ere bazen, guk dantzaleku eta jolastoki bihurtu genuen. Moketa berde bat erosi nuen ez dakit zer aurrekontutik (Iñaki haserretu ere egin zen) eta a zer mobida! Gero urte askoan erabili izan zen eta ospetsu bihurtu ere bai gure artean, ja! ja!
Gogoan ditut hango “indioen egunak” (lumak, txabolak, aurpegi margotuak...), baita “irrati saioak”, bi orrialdeko eguneroko “aldizkariak”, Bernagoitira joateko aldapa, eta Eubako baserri batean zegoen azeria ere. Hiru urtez izan nintzen han. Bizkaia hobeto ezagutzeko aukera izan nuen (Gernika, Mundaka, Lekeitio...). Batzuetan Zornotzan Xabier Amuriza bertsolariarekin topatzen nintzen eta ilusio handia ematen zidan. Etxeko arduraduna Begoña zen, sukaldariak: Ebarista eta Marilin, eta zaindaria: Zesareo. Bizkaieraz egiten zuten, eta askotan ez nien piperrik ere ulertzen. Nik beti bai! erantzuten nien. Beti ez nuen asmatzen eta batzuetan aurpegi arraroa jartzen zidaten, orduan a, ez! ez! erantzuten nien, ja! Ja! Egonaldiak luzeak eta gogorrak ziren (batez ere irakasle batzuentzat), baina baita hunkigarriak ere, bizipenez beteak. Askotan, taldeak agurtzerakoan malkoak nabarmenak ziren denon begietan. Lortutako harremanak oso estuak eta afektiboak ziren.
Nire bizitzako une alaienak eta gozoenetakoak Euban pasa ditut, baina gogorrenetakoak ere bai. Oraindik askotan gogoratzen naiz: taldean azkenetakoa neska bat zen, bere katiuska urdin alaiekin zihoan, eta Gaztelugatxeko aldapa igotzen lagundu nion eskutik helduta autobuseraino. Bero handia egiten zuen eta kostata iritsi ginen. Ainhoa zuen izena. Aterpetxearen ondoraino heldu zen, baina ez zen inoiz sartu. Auto batek jota utzi gintuen betiko. Geroztik, astero ume talde bat barnetegira heltzerakoan, bat gehiago kontatzen jarraitzen dut. Bejondeiola Getxoko panpinari! Gertakizun latza izan zen. Bete-betean kolpatua sentitu nintzen eta zenbait buruhauste pasa eta gero, barnetegiaren eta umeen mundua utzi baino lehen, sasoi eta dedikazio gehiagorekin aurrera jarraitzea erabaki nuen.
Gauzak horrela, geroxeago laugarren monitorea etorri zen, Beni. Taldekide ona, Luismaren laguna, eta aportazio berriak ekarri zizkiguna. Nik alde egin nuenean Karmele sartu zen, Errioxako oporraldietan askotan ikusten dut eta hizketan egoten gara.
Txandak ongi antolatzeaz aparte, barnetegiak bazituen beste helburu batzuk ere, han sortu zen lehenengo jolas bilduma eta bideoa ere.
Eta aurrera jarraituz, Gipuzkoako Gaztelun beste barnetegi bat ireki zenean herrialdera itzuli nintzen (1988/89 ikasturtean). A ereduko barnetegia zen, erronka berria genuen aurrez aurre, euskaraz egiten ez zekiten haurrekin euskaraz bizitzea nola izango zen posible planteatzen genuen. Han beste lan talde bat ezagutu nuen: Mariaje, Peio, Lourdes, Ane..., beste sukaldari batzuk: Ines, Maite..., etxeko arduradunak: Joxe Ramon...
Hala ere, oso gauza interesgarriak egin genituen eta, nola hala, umeak hunkitzera ere iristen ginen. Zerbait magikoa gertatzen zen, genituen teknika eta baliabideak erabiltzen genituen, gure artean komunikatzeko: mimika, dantzak, jolas didaktiko egokituak... Hala ere, batzuetan, esan nahi nien guztia esateko motz geratzen nintzela pentsaturik pena sentitzen nuen. Batzuek 14 eta 15 urte zituzten eta, gure metodologia beti euskaraz egitean oinarriturik zegoenez, gure arteko harremanak ongi bideratzeko, beste teknika batzuk behar ziren: keinuak, besarkadak, musuak, mugimenduak... Buruhauste dezente izaten genituen, jolas eta metodologia egokiak lantzeko. Nire ustez, arriskua zegoen barnetegia egonaldi akademikoak egiteko toki bihurtzeko, eta bestelako baloreak erabat alboratzeko. Baina, barnetegiak, zerbait magikoa izanik, dena posible bihurtzen du, eta bizipen bereziak eskaintzearekin batera, era ezberdineko balore eta ahalmenak lantzeko aukerak ematen ditu (adiskidetasuna, komunikazioa, desinhibizio pertsonala eta kolektiboa, lagunak bestelako inguru batean ezagutzea...). “Josefina sorgina” hizkuntza erabiltzeko motibagarri gisa lehenengo agerpenak egiten hasi zen.
Beste urte batzuk eginda, Alkizako Barnetegia sortu zen (1991/92) eta, gaztetatik laguna nuen Imanolek eta biok hara joateko plana egin genuen. Han hasi ginen Agurne eta Anerekin ekipo berria osatzen. Oso gogoan dut Andoaingo Idoia ere. Oso ongi moldatu ginen. Urte haietan askotan jotzen nuen gitarra: Makc Mikel, Aran txan txan...
Umeekin lan egitea sinplea bezain konplexua da. Haiengana iristeko giltza afektibitatea da, eta, pazientzia, giltza egokia aurkitzeko behar den denbora. Oso barnetegi familiarra eta herrikoia zen eta da Alkizakoa: etxe osoa guretzat, herri erdi-erdian kokaturik, bizi etxean bertan, jolastu plazan, eta jatorduak herriko tabernan egiten dira. Barnetegi bakoitza estrukturalki eskema jakin batean antolatuta dago, horretan ere badatza barnetegien aberastasuna. Urte haietan, etxea oso txikia geratzen zitzaigunez, hamaika lan egin genituen ganbara hornitzeko: pailazoen furgonetan Zaldibiatik egur handiak Alkizara eraman eta oinez gora igo, neurtu, moztu, iltzatu... Eduki linguistikoa, mezu ekologikoak, metodo ludikoak... zituzten jolas didaktikoak sortzeko garaiak ziren haiek. Igandeetan autobusez irteerak egiten genituen Nafarroa aldera (Oronoz-Mugairera, Lesakara...), azken urteetan mendiz mendi oinez Larrauleraino joan ohi ginen. Behin, umeek iturri batetik ura edan zuten eta gau osoan tripako minez eta botaka aritu ziren. Eta betikoa! Azkenean ez genuen jakin ea ur harengatik izan zen edo beste motibo batengatik. Joxe apaiza zena genuen etxeko arduraduna, eta Eleni, aingeru zaindaria. Azpimarratzekoa da baita ere Otsamendi jatetxean umeek jasotzen zuten giro afektibo eta familiarra. Hizkuntza erabiltzeko motibagarri gisa “hartz zuria” erabiltzen genuen. Motibagarrien inguruan urte batzuk pasatu genituen baliagarrienak baloratzen eta aztertzen. Gero eta landuagoak agertzen hasi ziren barnetegi guztietan, eta hurrengo urteak garrantzi handikoak izan ziren horretan: Kaxinta oiloa, Txaparro birla...
Ordenagailuen garaia ere iritsi zen barnetegira, eta ni oso ezkor azaldu nintzen hasieratik, gero moldatzen joan nintzen eta, tira! Derrigorrez pasatu behar genuen beste fase bat zen, gizarte osoan “modan” zegoen eta!
Giro horren inguruan, bigarren jolas bilduma liburu potolo batean osatu genuen.
Barnetegien trenak beste geltoki bat sortu zuen Seguran (1996/97 ikasturtean), 5.a hain zuzen ere, eta etxetik gertuago nuenez, hortxe geratu naiz azken urteetan. Taldekideak: Josetxo, Txema, Jaione, Amaia, Belen, Arrate... Kriston ekipoa! Hemen ere, aterpetxean moldaketak egin behar zirela eta, Zeraingoan ere izan naiz bi urtez (maitasunez, bi ikasturtetako apeaderoa deituko nukeena). Apeadero hori beste une klabe bat izan zen, gero Segurako geltoki erosoan zenbait aldaketa egiteko funtsezkoa suertatu zitzaigun eta. Zerainera joan baino lehen sortu genituen Txan-Go, Joan Zaku eta Erdu, irakasleek egonaldietan hizkuntzaren erabilpena bultzatzeko nahi zuten motibagarria. Barnetegietatik berriro ere euskal irakaskuntzarako gure ekarpen txikia egin genuen.
Eta, nolabait bukatzeko, zer esan azken hiru urteei buruz? Ba, oraindik gai garela geltokiko tailerrean erreformak egiteko eta agian, pieza zahar batzuk berrerabiliz, makina berriak sortzeko ere (metodologiak, lan teknikak, aktibitate pedagogikoak, talde lanerako errekurtsoak...). Azken batean, euskarazko trenean denok gustura eta eroso joan gaitezen ahalegin profesional bukaezina da barnetegietakoa.
Bejondeigula denoi, eta segi beste 25 urtetan!

Comments

]]>
Mon, 08 Mar 2010 13:49:39 +0100
ZORIONAK DENOI! 25 URTE! http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/03/08/zorionak-denoi-25-urte http://barnetegiak25urte.nireblog.com/post/2010/03/08/zorionak-denoi-25-urte Agustin Mujika 2010-03-03


Bost Euskal Girotze Barnetegiak sortu eta lekualdatu zireneko ikasturteak:

1) Euba (1985/86) --- Plentzia (1990/91) --- Urduña (2009/10)
2) Gaztelu(1988/89) --- Espejo (1999/00) --- Barria (2007/08)
3) Alkiza (1990/91)
4) Elgoibar (1991/92)
5) Segura (1996/97) --- Zerain (2007/08) --- Segura (2009/10)

Datu historikoak:

Datu batzuk: Ia 3.000 txanda antolatu dira, ia 6.000 irakaslek parte hartu dute, ia 70.000 ikaslek gozatu dute, 100 monitore dinamikan murgildu dira, 25 inguru antolatzaile eta aholkulari laguntzen aritu dira, 70 sukaldari eta garbitzaile, zaintzen, 18 administrari, egonaldiak koordinatzen, 2 apaiz... eta milaka eta milaka une goxo eta bizipen gogoangarri.

Barnetegika:

EUBA: 600 txanda, 13.800 ikasle, 1.200 irakasle eta 18 monitore
GAZTELU: 748 txanda, 17.204 ikasle, 1.496 irakasle eta 41 monitore
ELGOIBAR: 680 txanda, 15.640 ikasle, 1.360 irakasle eta 16 monitore
ALKIZA: 540 txanda, 12.420 ikasle, 980 irakasle eta 14 monitore
SEGURA: 420 txanda, 9.660 ikasle, 840 irakasle eta 11 monitore
Guztira: 2.988 txanda, 68.724 ikasle, 5.876 irakasle eta 100 monitore

Oharrak: Ikasleen kopuruak kalkulatzeko, txandako 23 ikasleko batez bestekoa erabili da. 1999/2000 ikasturtetik aurrera, barnetegi guztietan txanda guztiak 5 egunekoak izan dira. Ikastetxeetatik etorritako irakasleak, txandako 2 kalkulatu dira.

Comments

]]>
Mon, 08 Mar 2010 11:43:37 +0100